MUSIKA ETA OSASUNA
Aritz SOUND SYSTEM | Kazetari eta musika adiktoa
Gizakia gizaki denetik musika sortzeko beharra izan du. Gizakiaren garapenean musika ezinbesteko bidaia laguna izan da eta kultura guztiek izan dute harreman estua musikarekin. Musikak guk uste baino garrantzi handiagoa izan du gizakiaren historian eta, hala ere, zer dakigu musikari buruz?
Gaur egun, musika aisialdiarekin lotzen da bereziki, festa eta ospakizunekin lotura zuzena du eta, zergatia oso garbi izan gabe ere, atsegina, plazera sortzen digu, ondo sentiarazten gaitu. Zorionez, musikak, aisialdiaren eta festaren eremua gainditu du eta urrunago doa; komunikaziorako aparteko tresna da, ideiak eta sentimenduak adierazteko bitarteko ederra da, kultura desberdinak ezagutzeko eta besteei gurea erakusteko bidea da eta, beste maila batean, negozio itzela da gutxi batzuentzat. Aipatu maila horiez gain, jakina da musikak gizakiarengan eragin zuzena duela, eragin fisiko zein psikologikoa.
Gizakiaren historian asko izan dira musikak gizakiarengan duen eragina ikertu dutenak. Egipto zaharrean adibidez, musika adierazteko erabiltzen zen hieroglifikoa, alaitasuna eta ongizatea adierazteko erabiltzen zen hieroglifiko bera zen. Egiptoko medikuak, gaixotasun asko kantuen bidez sendatzen saiatzen ziren.
Grezia klasikoan pentsalari askok ikertu zuten musikak gizakian duen eragina (ethos deitu zuten). Hauen ustetan, musika, jainkoek sortu zuten eta unibertsoaren harmonia irudikatzen du. Aristotelesen arabera, musikak, gizakiaren jarduera areagotu dezake eta hainbat ekintza egitera bultza dezake (ethos praktikon). Estilo zitaristikoak gizakiaren indar morala sendotzen zuen (ethos etikoa) eta lidioak berriz ahuldu (ethos threnodes). Azkenik, musika erlijiosoak, estasia eragin behar zuen jainkoengandik gertuago egoteko. Zeltiar jatorriko herrietan, xaman edo sendatzaileek, sendatzen laguntzen zuten kantu, soinu eta erritmoak ezagutu behar zituzten ezinbestean. Txinan eta Indian ere asko dira musikaren ahalmen terapeutikoa azpimarratzen duten ipuin eta kondairak. Erdi Aro eta Pizkunde garaian garrantzi handia ematen zitzaion musikaren ahalmenari. Haendel musikagileak, musikaren bidez, entzuleak dibertitzea baino, pertsona hobeak izatea bilatzen zuela zioen. Mozarten musikak ondorio terapeutikoak omen ditu eta adimena garatzen laguntzen du.
Atsegin dugun musika entzuten dugunean gorputzak endorfinak sortzen ditu (morfinaren antzeko sustantziak) eta gaixotasunak sortutako mina arindu dezakete. Gustuko musika entzuteak ondorio positiboak ditu, beraz, gizakion gorputzean.
MUSIKA ETA OSASUNA
Aritz SOUND SYSTEM | Kazetaria eta musika adiktoa idatzitako artikulua.
Musika eta osasunaren arteko harremanari buruz hitz eginez hasi genuen 2009. urtea. Musikak historikoki gizakiarekin izan duen harremana eta musikak osasunarentzat dituen ondorio onuragarriak aipatu genituen. Amesgaizto batek musika eta osasunari buruzko hirugarren atala atzeratu zuen, orain arte. Musikak osasunean eduki ditzakeen ondorio onuragarriak frogatuta daude, eta, azterketa zientifiko konplexuetan sakondu gabe, gutako edonork nabarituko zituen behin baino gehiagotan. Kontrajarria badirudi ere, azken urteetan egin diren ikerketa batzuen arabera, arrakasta lortzen duten musikariek gazte hiltzeko arrisku handiagoa omen dute. Jakina da, izen ezagun asko (Janis Joplin, Jimi Hendrix, Jim Morrison, Bob Marley, Sid Vicious eta abar) oso gazte hil zirela eta gure artean oso zabalduta dagoela «azkar bizi, gazte hil» delako esaldia. Heriotza horiek aztertuz gero, ordea, heriotzaren zergatiak zuzenean musikarekin erlazionatuta ez daudela ikus daiteke eta zerikusi handiagoa dute, egile horiek zeramaten bizimoduarekin. Musika berez ez da osasunerako kaltegarria, baina haren inguruan sortzen diren bizitza ereduak bai, kaltegarriak izan daitezke, eta ez soilik arrakasta dutenentzat. Mundu honetan buru-belarri murgilduta dagoen edonork (maila profesionalean izan gabe ere; eta ez soilik musikariak, baita soinu teknikari, antolatzaile, eta abarrek ere) nabaritu ditzake ondorioak. Musika, estilo batzuetan bereziki, jaiarekin eta festarekin erlazionatzen da. Musikaria gauez aritzen da gehienetan, kilometro asko egin behar ditu, atsedenerako tarte gutxi, soinu ekipoekin gora eta behera ibili behar du, bolumen altuegiak jasan behar, dieta kaskarra izaten da, jende aurreko tentsio eta urduritasunak, saioa egin beharraren konpromisoa (batzuetan gogorik gabe edo erdi gaixo egonda ere) eta gainera, «gorputzari buelta emateko» edo «puntua hartzeko» oso osasuntsuak ez diren substantziak hartzen dira askotan (erabileraren arabera, dependentzia arriskutsuak sor ditzaketenak). Ez dira lanerako baldintza onenak izaten baina, beste jarduera mota askotan ere ez ote dira antzekoak edo okerragoak izaten? Askotan, musika munduan buru-belarri sartu nahi duten gazteei musika mundua arriskutsua dela esaten zaie (beste eremuetan arriskurik ez balego bezala); droga asko dagoela eta antzekoak (beste inon egongo ez balira bezala). Musika munduan ere, informazioa zabaldu eta eztabaida sortzearekin batera, lan baldintza duinagoak lortzen saiatu beharko genuke, ezta?
No hay comentarios:
Publicar un comentario