Musika eta osasuna (I)
Aritz SOUND SYSTEM | Kazetari eta musika adiktoa
Gizakia
gizaki denetik musika sortzeko beharra izan du. Gizakiaren garapenean
musika ezinbesteko bidaia laguna izan da eta kultura guztiek izan dute
harreman estua musikarekin. Musikak guk uste baino garrantzi handiagoa
izan du gizakiaren historian eta, hala ere, zer dakigu musikari buruz?
Gaur
egun, musika aisialdiarekin lotzen da bereziki, festa eta ospakizunekin
lotura zuzena du eta, zergatia oso garbi izan gabe ere, atsegina,
plazera sortzen digu, ondo sentiarazten gaitu. Zorionez, musikak,
aisialdiaren eta festaren eremua gainditu du eta urrunago doa;
komunikaziorako aparteko tresna da, ideiak eta sentimenduak adierazteko
bitarteko ederra da, kultura desberdinak ezagutzeko eta besteei gurea
erakusteko bidea da eta, beste maila batean, negozio itzela da gutxi
batzuentzat. Aipatu maila horiez gain, jakina da musikak gizakiarengan
eragin zuzena duela, eragin fisiko zein psikologikoa.
Gizakiaren
historian asko izan dira musikak gizakiarengan duen eragina ikertu
dutenak. Egipto zaharrean adibidez, musika adierazteko erabiltzen zen
hieroglifikoa, alaitasuna eta ongizatea adierazteko erabiltzen zen
hieroglifiko bera zen. Egiptoko medikuak, gaixotasun asko kantuen bidez
sendatzen saiatzen ziren.
Grezia klasikoan pentsalari askok
ikertu zuten musikak gizakian duen eragina (ethos deitu zuten). Hauen
ustetan, musika, jainkoek sortu zuten eta unibertsoaren harmonia
irudikatzen du. Aristotelesen arabera, musikak, gizakiaren jarduera
areagotu dezake eta hainbat ekintza egitera bultza dezake (ethos
praktikon). Estilo zitaristikoak gizakiaren indar morala sendotzen zuen
(ethos etikoa) eta lidioak berriz ahuldu (ethos threnodes). Azkenik,
musika erlijiosoak, estasia eragin behar zuen jainkoengandik gertuago
egoteko. Zeltiar jatorriko herrietan, xaman edo sendatzaileek, sendatzen
laguntzen zuten kantu, soinu eta erritmoak ezagutu behar zituzten
ezinbestean. Txinan eta Indian ere asko dira musikaren ahalmen
terapeutikoa azpimarratzen duten ipuin eta kondairak. Erdi Aro eta
Pizkunde garaian garrantzi handia ematen zitzaion musikaren ahalmenari.
Haendel musikagileak, musikaren bidez, entzuleak dibertitzea baino,
pertsona hobeak izatea bilatzen zuela zioen. Mozarten musikak ondorio
terapeutikoak omen ditu eta adimena garatzen laguntzen du.
Atsegin
dugun musika entzuten dugunean gorputzak endorfinak sortzen ditu
(morfinaren antzeko sustantziak) eta gaixotasunak sortutako mina arindu
dezakete. Gustuko musika entzuteak ondorio positiboak ditu, beraz,
gizakion gorputzean.
Musika eta osasuna(II): Hobekuntzaren kontzientzia
Aritz SOUND SYSTEM | Kazetaria eta musika adiktoa idatzitako artikulua.
Musika
eta osasunaren arteko harremanari buruz hitz eginez hasi genuen 2009.
urtea. Musikak historikoki gizakiarekin izan duen harremana eta musikak
osasunarentzat dituen ondorio onuragarriak aipatu genituen. Amesgaizto
batek musika eta osasunari buruzko hirugarren atala atzeratu zuen, orain
arte. Musikak osasunean eduki ditzakeen ondorio onuragarriak frogatuta
daude, eta, azterketa zientifiko konplexuetan sakondu gabe, gutako
edonork nabarituko zituen behin baino gehiagotan. Kontrajarria badirudi
ere, azken urteetan egin diren ikerketa batzuen arabera, arrakasta
lortzen duten musikariek gazte hiltzeko arrisku handiagoa omen dute.
Jakina da, izen ezagun asko (Janis Joplin, Jimi Hendrix, Jim Morrison,
Bob Marley, Sid Vicious eta abar) oso gazte hil zirela eta gure artean
oso zabalduta dagoela «azkar bizi, gazte hil» delako esaldia. Heriotza
horiek aztertuz gero, ordea, heriotzaren zergatiak zuzenean musikarekin
erlazionatuta ez daudela ikus daiteke eta zerikusi handiagoa dute, egile
horiek zeramaten bizimoduarekin. Musika berez ez da osasunerako
kaltegarria, baina haren inguruan sortzen diren bizitza ereduak bai,
kaltegarriak izan daitezke, eta ez soilik arrakasta dutenentzat. Mundu
honetan buru-belarri murgilduta dagoen edonork (maila profesionalean
izan gabe ere; eta ez soilik musikariak, baita soinu teknikari,
antolatzaile, eta abarrek ere) nabaritu ditzake ondorioak. Musika,
estilo batzuetan bereziki, jaiarekin eta festarekin erlazionatzen da.
Musikaria gauez aritzen da gehienetan, kilometro asko egin behar ditu,
atsedenerako tarte gutxi, soinu ekipoekin gora eta behera ibili behar
du, bolumen altuegiak jasan behar, dieta kaskarra izaten da, jende
aurreko tentsio eta urduritasunak, saioa egin beharraren konpromisoa
(batzuetan gogorik gabe edo erdi gaixo egonda ere) eta gainera,
«gorputzari buelta emateko» edo «puntua hartzeko» oso osasuntsuak ez
diren substantziak hartzen dira askotan (erabileraren arabera,
dependentzia arriskutsuak sor ditzaketenak). Ez dira lanerako baldintza
onenak izaten baina, beste jarduera mota askotan ere ez ote dira
antzekoak edo okerragoak izaten? Askotan, musika munduan buru-belarri
sartu nahi duten gazteei musika mundua arriskutsua dela esaten zaie
(beste eremuetan arriskurik ez balego bezala); droga asko dagoela eta
antzekoak (beste inon egongo ez balira bezala). Musika munduan ere,
informazioa zabaldu eta eztabaida sortzearekin batera, lan baldintza
duinagoak lortzen saiatu beharko genuke, ezta?